Apertium-eu-es euskaratik espainierarako itzultzaile librea (GPL) da (espainieratik euskararakoa laster eskaintzea espero dugu). "Librea (GPL)" esaten dugunean, Free Software Foundation-en Lizentzia Publiko Orokorraz (General Public License, GPL) argitaratuta dagoela esan nahi dugu. Horregatik, doain da, eta horrez gainera, askatasuna ematen dizu aztertzeko, eta aldatzeko eta partekatzeko, legea hautsi gabe. Software librea (GPL lizentzia duena) gero eta gehiago erabiltzen dute gobernuek, sektore publikoko erakundeek, enpresek eta indibiduoek, onura handiak ematen dituelako.
Apertium-eu-es itzulpen automatiko proiektu handiago baten parte da: Apertium izeneko proiektuaren parte, hain zuzen. Apertium proiektuak, hizkuntza batetik bestera testuak itzultzeko softwarea garatzen du. Apertium-en motorra garatzen ibili dira, batetik, Mikel L. Forcada-ren Transducens taldea, Alacanteko Unibertsitatean, eta bestetik, Prompsit Language Engineering enpresa, Valentziar Herrian. Orain arte, Apertium-en nazioarteko lan-taldeak beste 14 hizkuntza-paretarako itzultzaile automatikoak argitaratu ditu (katalana-ingelesa, espainiera-frantsesa, etab.) eta beste hamar bat hizkuntza-paretarako itzultzaileak prestatzen ari da. Apertium-eu-es da Apertium-en hizkuntza ez-indoeuropar bat sartu duen lehen itzultzailea. Apertium-en softwarea Apertium-en webgunetik deskarga daiteke. Webgune horretan, instalatzeko eta erabiltzeko informazioa ematen duen wiki bat ere baduzu.
Azken hilabeteetan, Mireia Ginestí aritu da Apertium garatzen, Alacanteko Unibertsitateak, eta, batez ere, Prompsitek finantzatuta. Prompsit-eko Sergio Ortizek eta Francis Tyersek eta Alacanteko Unibertsitateko Mikel Forcadak lagundu diote. Une honetan, apertium-eu-es itzulpen automatikoak gutxi gora behera 6.000 hitz eta 250 gramatika-arau dauzka. Hiztegiaren zati handi bat beste proiektu libre batetik hartua da, Matxin espainiera-euskara itzultzaile-prototipotik. Arau guztiak Apertiumen idatzi dira.
Ez ezazue espero apertium-eu-es itzultzailearen hasierako bertsio honek itzulpen “perfektuak” egiterik. Probako orri honetan Berria egunkariaren azken albisteak nola itzuli dituen ikus dezakezue, egungo bertsioaren ahulgune eta indarguneak ezagutu nahi badituzue. Zeuek prestatutako testuetan eta webguneetan ere proba dezakezue. Emaitzek nabarmen uzten dute apertium-eu-es hobetu egin behar dela, baina, era berean, argi erakusten dute zertan hobetu daitekeen oso erraz, erabilgarriagoa bihurtzeko (hiztegietan hitz bakunak eta hitz anitzeko unitate lexikalak sartzen, adibidez), eta zertan izango den zailagoa hobetzea (hitzen ordena). Software librea (GPLduna) garatzeko bide tipikoena hau da: funtzionatzen duen zerbait daukagunean, lehenbailehen argitaratzen dugu (“release early”), horrela, erabiltzaileen iruzkinak kontuan hartuz, bertsio hobeak idatzi eta sarritan argitaratzeko (“release often”).
Testu baten esanahi orokorrari buruzko ideia bat egiteko balio dezake (baldin eta sistemak hitz ezezagun gehiegi aurkitzen ez badu testuan). Horregatik, erabilgarria izan daiteke:
Etorkizunean, eta bereziki espainieratik euskararako itzultzailea argitaratuta dagoenean, beste erabilera batzuk ere izan ditzake apertium-eu-es itzultzaileak: sektore publikoak, enpresek, boluntario-taldeek eta abarrek itzulpen-zirriborroak lortzeko erabil ahal izango dituzte, horrela, agian, itzultzaile profesionalen ekoizpena hobetzeko.
Honaino egindako aurrerapenei buruzko iruzkinak egin diezazkigukezue. Bertsio berriak probatzen lagun diezagukezue. Hiztegietan hitzak sar ditzakezue, eta gramatika-arauak sortzen lagundu, irteeran hitz-ordena zuzenagoa lortzeko.
Testu elebidunak ekoizten dituen erakunde publiko batean bazaudete, testu horien kopia digitalak eman diezazkigukezue. Ez, noski, berrargitaratzeko, baizik eta perpausak datu-base batean sartzeko, itzultzailea hobetzen joan dadin.
Horrez gainera, beste gauza bat ere egin dezakezue: administrazioetan, parlamentuan edo gobernuan dituzuen ordezkarien bitartez, presio egin, diru publikoz sortutako baliabide guztiak lizentzia libreen bidez (GPL antzeko lizentzien bidez) eskuragarri egon daitezen. Itzulpen automatikoak garatzean gertatzen den gauzarik tristeena da arinago garatuko liratekeela, baliabide linguistikoak (adibidez, hiztegiak) hasieratik garatu behar ez bagenitu, diru publikoaz finantzatutako baliabideak erabili ahal izan gabe, lizentzia murriztaileak edo formatu itxiak dituztelako. Hitzak gehitzen pasatzen dugun minutu bakoitza arauak edo softwarea hobetzen eman beharko genuke.
Apertium-eu-es itzultzaileak nola itzultzen duen ikusi nahi baduzue, hemen proba dezakezue. Itzulpen-prozesuko etapa bakoitzean arauen aplikazioaren emaitza ikusteko aukera izango duzue.
